Txipa aldatuko duen txapa
Honez
gero denok gara jakitun Euskaraldia zer den. Hala ere, aitortu
beharrean nago, ekimenaren nondik-norakoa eta benetako traza hartu
arte ez nuela gauza oso argi ikusten. Gaiaz informatu eta zalantza
ugari ostean, partehartzea erabaki dut Aho Bizi modura.
Lehen
nioen bezala ez da izan ez, duda-mudak eta buruhauste faltarik Aho
Bizi txapa jartzeko. Txapak adierazten duen konpromezua betetzeko gai
ote nintzen edota hobeki esanda, egunerokoan eta gertueneko
ingurunean ditugun inertziaz gainditu eta hizkuntz ohiturak aldatzeko
adorea ote nuen beldur nintzen.
Lan
harremanetan euskara jakin arren gazteleraz egiten dugunok,
txikitatik hartutako ohiturak jendea orduko hizkuntz trebeziaren
arabera sailkatzeko eta maiz asko, euskara eta gaztelerak nahastuz
jarduteko (gehienetan, gaztelera euskarazko hitzez apaindua edota
alderantziz gutxienekotan) ohiturak aldatzea zein zaila den denok
gara jakitun eta horrexegatik, jotzen dut hain positibotzat
Euskaraldia moduko ekimena, orain hainbeste aipatzen den “erosotasun
zonaldetik” atera eta benetako konpromezu zonaldera naramalako eta
bide batez, nere herriaren berezko den hizkuntzaren aldeko
konpromezura. Paparrean txapa jartzea da errazena. Aurrez egindako
gogoeta, aldiz, eraginkorrena.
Txaparekin
harro asko noalarik, burua beste nonbaitera doakit, hain zuzen ere,
euskararen erabilerarekiko Euskaraldia neregan (guregan) suposatu
duena beste ohitura batzutara trasladatzeko gai izango banintz
(bagina), zer nolako emaitzak lortuko genituzke?.
Nere
ohiko gaietara joz ondo legoke, adibidez, gure egunerokoan elikagaiak
erosterakoan gure ohiturak aztertu, hausnartu eta dagozkion
ondorioetara iritsiko bagina, beraz, Euskaraldiaren ahantzera
BASERRIALDIA sustatu beharko genuke, elikagaiak erosterakoan gure
lurra eta baserriekiko dugun atxikipenaz gogoeta egin eta bertako
elikagaien aldeko jokabideak finkatzen joateko.
Elikagaiak
erosterakoan nora jotzen dugu herriko azoka, gertuko denda txikitara,
hirietan dauden saltoki haundietara edota bidea zabaltzen doan
internetera? Erosketa egiterakoan kontuan izaten dudan irizpide
bakarra prezioa da edo kalitatea, gertutasuna, .. eta beste hainbat
irizpide izaten ditut kontuan? Elikagaiak erosterakoan hauek
osasunerako duten onura ala kozinatzerako erosotasuna lehenesten
dugu? Eta horrela jarrai gaitezke, zientoka galdera egiten gure
buruari eta atalez atal, gure ohiturak arakatzen dugun heinean, gure
elikaduraren profilaren argazkia osatzen.
Horretan
ari naizela, orain egun gutxi nere eskutara iritsi da Parte Hartze
Mahaiak egindako 2018 urteko Kontsumo Ohituren Inkesta, Espainiako 4
kontsumitzaile elkartek Mercadonarekin batera eginiko txostena eta
bertan, 3.101 familietan, lehen aipatutako atalak aztertzen dira,
hau da, erosketa eta kontsumo ohiturak, erosketa erabakiaren inguruko
faktoreak, elikagaien etiketatua eta beste hainbat arlo.
Inkestaren
arabera, kontsumitzaileen %78ak bere ohiturak aldatu ditu, zerbait
azpimarratzearren, %14ak elikadura gastua murriztu eta %12ak saltoki
gehiagotan ibiltzen delarik, hori bai, gutako erdiak saltokiaren
gertutasuna lehenesten du oinez joan ahal izateko, supermerkatua da
nagusitzen ari den formatoa (%62arekin) baina, oraindik gutxiengoa
izan arren, interneteko aukera indartzen ari da, apurka apurka baina
eten gabe gorantza.
Supermerkatuaren
nagusitasuna elikagai guztietan nabarmentzen da, galkorra izan ala
ez, eta elikagai freskoen gorantza azpimarratzekoa bada ere, zeharo
harritu nau arrain freskoaren beherakada eta aldiz, arrain izoztuaren
gorakada (Anisakisen beldurra ote?). Osasunarekin lotutako irizpideak
ere gero eta pisu gehiago du gure erosketa ohituretan eta horren
islada da, freskoen %80 pisatuta erosten dugula, nahiz eta, presak
eta gizonezkoen burugogorkeriak, oraindik, bandejen indarrari eutsi.
Azkenik,
zerbait deigarria aipatzearren, kontsumitzaileok teorian gure
pribatutasunari sekulako garrantzia ematen diogun garaiontan,
eskeintzak jasotzerakoan gure pribatutasun eremua alderik alde
zabaltzen dugu eta eskeintzak jasotzerakoan, oraindik denda bera
(%32) eta etxeko buzoia (%35) badira ere nagusiak, paradojikoki, gero
eta indar gehiago hartzen ari dira bai mugikorra (%13) eta posta
elektronikoaz (%8) jasotzen ditugun eskeintzak, eta jendea gero eta
moskeatuago dagoenean, internetez egindako guztiaren arrastoa
jarraitzen didatelako, esan beharrean gaude, online erosketak
ugaltzen doazela 2016ko %2tik 2018ko %5era igoz eta kontuan izatekoa
da, online erosketetan emakumeak eta gazteak direla gehiengo.
Aipatutako
inkestak datu mordoa plazaratzen ditu eta suposatzen dut, beste
hainbat ikerketetan azaldutakoekin bategin edo ahantzekoan izango
direla baina argi dago, gure elikadurari ematen diogun garrantzian,
elikagaiek gure osasunean duten pisuaz eta gure herrri eta hirietako
merkataritza txikiaren alde teoriaz ditugun planteamenduak oso urruti
daudela egunerokoan praktikatzen dugunetik.
Hain
zuzen horrexegatik, behar beharrezkoa jotzen dut, teoria eta praktika
gerturatzeko asmoz, elikadura jasangarri eta osasuntsuaren aldeko
BASERRIALDIA ekimena sustatzea eta ikustea, Baserrialdiako txapa
paparrean dugularik gure elikagaien erosketa eta kontsumo ohiturak
nola aldatzen ditugun. Egun batzutan bakarrik bada ere!
Xabier
Iraola Agirrezabala
Comentarios