Baserriko Aho Bizia





Egunero zer afaldu asmatzea ez dirudi gauza erraza. Etxeko bakoitzak eguerdian bazkaldu duena osatu eta orekatu nahi duzu eta sarri askotan, ez da xamurra izaten asmatzea. Orain urte pare bat,afaltzerakoan janari azkarreko jatetxeetan hain modan dauden nuggets probatzea erabaki genuen eta egia esanda, ogirina eta ketxupagatik ez balitz, ez dago hura jango duen ama-semerik. Oilaskoa omen. Hori, omen.

Orain gutxi berriz, afaltzeko nuggets izan genituen baina oraingo honetan, etxean egindakoak, hain zuzen ere, Lumagorriko oilaskoen bularkiak, zatitu eta ogirinetan pasa ondoren, munduko nuggets hoberenak jan genituen. Natural naturalak!

Nuggets direla eta ez direla, aste honetan irakurri berri dut, elikagai industria erraldoiek egindako nuggetsak, oilaskoaren hezurduran itsatsita geratzen den okela hondarrak batu, izoztu eta lortzen den masari, larrua, almidoiak, tindagaiak, ilar edo soja zuntza, gatza eta glutamatoa erantsita egite dituztela eta azkenik, oilaskoa (omen) dela ez ahazteko, oilasko usain pixaka bat botatzen diote, beti ere, argi izanik, ahora daramagun nuggetsean, hezurduratik bereitzutako okela hondarrak, gehienez, erdia dela. Horrelako gauzak irakurtzean, gure artean maiz entzuten dugun “hobe dugu ez jakitea jaten duguna nola egiten duten” datorkit burura, sarri askotan, beste aldera begiratzea izaten baita, egunerokoan bizi ditugun pekatu eta kontraesanekin bizirauteko modu bakarra, edo hobeto esanda, erosoena.

Goraxeago aipatu bezala, gure etxeko nuggetsak (Euzkitzeri esan beharko diot hitz xixtrin honen ordezkoa asmatzeko) Lumagorri oilaskoekin egindakoak dira eta elkarte hau ekarri nahi dut mahaigainera, hain zuzen ere, aurreko astean ospatu zutelako bere sorreraren 25. urteurrena eta bertan bildu ziren, orduko sortzaileak, egungo ekoizleak (gaur egun 40 ekoizle), langileak (30 lagun), merkatariak eta harakinak, sukaldariak, kontsumitzaileak eta beste hainbat lagun, egia esanda, jende ugari. Ospakizunaren protagonismoa, espero zitekeen bezala, elkarteko sortzaileentzat izan bazen ere zerbait azpimarratzekotan elkarteko kudeatzailea den Mari Jose Muruaren hitzak azpimarratuko nituzke eta bereziki, oilaskoen zaintzan eta elkarteko langilegoan, baserriko emakumek izandako protagonismoa balioan jartzean. Hala ere, nere buruarekiko leial jokatu nahirik, uste dut azpimarratzekoa dela ere, Mari Jose beraren lana eta gidaritza, bereziki, une okerretan, etorkizunari begirako ikuspegia aportatu eta txiki askorekin elkarte haundia egiten jakin duelako.

Emakumeak baserrian eta baserriko mugimenduetan aipatzeak aste honetan gertutik ezagututako gazte ekintzaile bat datorkit burura, hain zuzen ere, Amezketako Argaia Goieneko Aintzane. Neska gaztea, pizpireta, ahobizia eta komunikatzaile ezinhobea, hainbat pasarte medio, izugarri miresten duen aitonaren baserriratua eta txerriak hazitzen dituena. Aintzanek, egun gutxi ospatutako GURE LURRA ekitaldian ezagutzera eman zuen bezala, bere proiektu familiarrak, hau da, amatasuna eta bere ogibidea uztartu nahi zituen eta Basatxerri elkartean txertatu eta txerri gizenketan aurkitu du, bere neurriko jarduna, bere familia modu lasaia eta orekatua arretatzeko eta neurri txikiko jarduera izanik, bere etxeko dirusarrerak osatzea. Mezu baikorra eta errealista plazaratu zuen, haundikerietan sartu gabe eta aldi berean, bizi proiektu pertsonala eta ogibidea uztartzeko modukoa. Askotan, ez baita zoriontsuena dirutza haundiena irabazten duena (nere lagun batek dirua, bizitza konpondu ez baina arintzeko ezinbesteko elementua dela esan arren) bizitza duinarekin konformatzen dakiena baizik.

Aintzane entzutean, azkenaldiontan behin eta berriro, mihi punttan darabilzkigun mezuak indar haundiagoz errotu zaizkit, hain zuzen ere, gazteak baserrira edo modu orokorrean nekazal sektorera erakartzerakoan, badirelako jardueraren errentagarritasunaz gain, onerako zein txarrerako, oso kontuan izan behar ditugun faktorek, hala nola, Aintzanek aipatutako famili uztartzea, lagunartean eta ditxosozko bizitza soziala, aire librean eta norberak ezarritako ordutegian lanegitea edo, Iñaki lagunak dioen bezala, gizarte prestigioa eskeiniko dion aktibitatea eta ekoizpen mota izateak.

Errematatzeko Foru Aldundiko zuzendaria den Xabier Arrutiren hitzak dakartzat, bere esanetan, gazteak eta ez hain gazteak baserriratzerakoan, nekazal jardueraren errentagarritasuna ez baita baldintza nahikoa, baina bai, ezinbestekoa.


Xabier Iraola Agirrezabala

Comentarios

Entradas populares de este blog

Desesperados

Como pollo sin cabeza

JOKIN, un aliado del caserío